<h1>Insausti Jauregia</h1> Imagen: Karmarx

Insausti Jauregia

XVIII. mendearen erdialdera eraiki zen jauregi barroko hau, herriaren jatorrietara iristen den antzinako Intxaustiko lurretan. Jauregiaren ondoan Espiritu Santuaren Eliza dago, Jose Lizardikoak egindakoa. Jauregi honetan bizi izan zen pertsonaiarik ospetsuena Peñafloridako kondea Xabier Munibekoa izan zen, Azkoitiko hizketaldiak antolatu eta akademiari hasiera eman ziona eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (gaztelaniaz Real Sociedad Bascongada de Amigos del País) eta herri-mailan “Azkoitiko Zalduntxoak” izenaz ezaguna denaren sortzailea izan zena, Euskal Herrian ilustrazioari hasera emanaz.

Insausti jauregia Peñafloridako Kondeak eraberritu zuen Italiatik dekoratzaile maisu bat ekarri araziz. Jauregi honetan “El Borracho burlado” antzezlanaren, euskaraz idatzitako lehenengo opera, entsegu aretoa gordetzen da.

Jauregi honetan ere Euskal Herriko lehenengo laborategi esperimentala kokatzen zen, bertan Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek “tungsteno” edo “wolframioa” aurkitu zutelarik.

1990ean Eusko Jaurlaritzak eskuratu zuen. Jaurlaritzak bere gain hartu du jauregia zaharberritzeko 2,7 milioi euroko aurrekontua. Adiskideen Elkarteko arduradunen esanetan, hainbat ekitaldi antolatuko dute bertan "hausnarketa gunea" izan dadin.

Eraikina birgaitzeko lan ugari egin ondoren, 2006an ireki zuten berriz Insausti jauregia, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen egoitza bihurtuta. Bulegoak, batzar-gelak, ekitaldi-aretoa eta Memoria Historikoaren gela daude barruan.

Horrez gain, Xabier Munibe Institutuaren egoitza da eta Urola Erdiaren Bultzatze eta Garapenerako Elkartearen (Iraurgi Lantzen) bulegoak ere bertan daude.

 

Informazio gehiago 943 850 843 (Turismo bulegoa) - 943 857 170 (Kultur etxea) edo hurrengo loturan: www.urolaturismo.net

  • Udalerria: Azkoitia

Iruzkina gehitu