Euskera

NATURAL - NATURALA

Hasiera Eskualdea Eskualdeko informazioa

Eskualdeko informazioa

Eskualdeko informazioa

Urola Kosta eskualdea erreferentzia puntu garrantzitsua da Gipuzkoako lurralde historikoan, batetik, duen kokapen geografikoagatik, eta bestetik, industria arloan duen kemenagatik. Urola Kosta eskualdeak eta bertako erakundeek gure lurraldeari lotutako, eta aldi berean kanpora irekita dagoen garapenaren aldeko apustua egiten dute.

Alde horretatik Urola Kostak bi errealitate desberdin, eta aldi berean osotasuna ematen diotenak, elkartzen ditu, etorkizunari kemen osoz begira dagoen XXI. mendeko eskualdea osatuz. Gure eskualdeak erakunde eta enpresa sendoak ditu, eta horri esker, 2010ean Gipuzkoan biztanleko errenta handiena duen eskualdeetako bat izan da, eta biztanleriak % 9,1 hazkundea izan du. Horrek garbi adierazten du eskualde honetako biztanleek bertan bizitzeko hautua egiten dutela gogobetetze maila handi edo oso handiarekin.

Kokapenari dagokionez, Gipuzkoako lurralde historikoaren iparraldean dago kokatua eskualdea, itsasoarekin muga eginez. Ekialdean Donostialdea eta Tolosaldea ditu; hegoaldean, berriz, Goierri; eta mendebaldean Deba Garaia eta Beherea. 327,2 km2ko azalera du, eta Gipuzkoako azaleraren % 16,5 hartzen du.

Eskualdearen ezaugarri nagusienetako bat Urola ibaia da. Aizkorriko mendilerroaren iparraldeko isurialdean –Goierriko eskualdean– sortzen da, karst lurretan sortutako hainbat ur-iturburuen  emariaren indarrez, eta 51,5 kilometroko bidea egin ondoren, azken zatian hainbat meandro osatu ondoren, hondargune handi artean itsasoratzen da.

Beste ibai batek, Oria ibaiak hain zuzen ere, zeharkatzatzen du eskualdearen ipar-ekialdea.  Itsasoratzean lautada alubiala osatzen du eta oraindik ere hainbat padura txiki badira alderdi horretan. Moila luze baten babesean,  Orioko hondartza dago.

Hamaika udalek osatzen dute eskualde hau, eta guztira 75.896 biztanle ditu. Zarautz (22.627) eta Azpeitia (14.156 biztanle) dira eskualdeko herrietan garrantzitsuenak. Aurrenak kostaldetik hurbilen dauden herrien artean du eragin-esparrua: Aizarnazabal (708 biztanle), Aia (2.007 biztanle), Zumaia (9.374), Getaria (2.675) eta Orio (5.147 biztanle), azken honek duen kokapenagatik Donostiarekin ere harreman handia badu ere. Azpeitiak (14.157 biztanle), berriz, Azkoitia (11.165 biztanle), Zestoa (3.544 biztanle), Errezil (616 biztanle) eta Beizama (183 biztanle) ditu inguruan, nahiz eta azken horiek Tolosaren eragin-esparrura ere sartzen diren.

 

Eskualdeko biztanleriaren bilakaera, oro har, positibo samarra izan dela esan daiteke. Gure eskualdeak 1950ean guztira 40.000 biztanle inguru zituen; 1975ean, 58.000; eta 1992an, 63.693. Oro har, itsasaldetik hurbilen dauden herriak dinamikoagoak izan dira 1986-1991 bitartean, batik bat Zumaia, Zarautz eta Aizarnazabal. Urola Kosta da, Tolosaldea eskualdearekin batera, populazio elebidunaren (euskara-gaztelania) ehunekorik handiena duena, biztanleen % 80 gauza baita bi hizkuntzetan zuzen mintzatzeko.

urola_rioEskualdean egiten diren jarduerei dagokienez, berriz, azpimarratu beharra dago zerbitzuen sektorean eta industrian lanean ari direnen kopuruak berdintsuak direla –% 40 inguru–; era berean, eraikuntzan eta lehen sektorean ere kopuru beretsuak ari dira lanean, % 8 inguru. Lehenengo sektoreak, ehunekotan, beste zenbait eskualdetan baino garrantzi handiagoa du, eta herri txiki batzuetan are garrantzi handiagoa hartzen du: Getarian, % 36; Aian, % 33; Beizaman, % 28; Errezilen, % 22; eta Orion, % 14.

Getarian eta Orion arrantzak duen pisuak eragin handia izan dezake lehen sektore horretan hainbeste langile izateko. Eskualde honetan arrantzako 73 itsasontzi dira, horietatik 41 Getarian, 30 Orion eta 2 Zumaian. Getariako portura urtean 7.000 tona arrain etortzen dira. Turismoari lotutako jarduerak garrantzi handikoak dira kostaldean, batez ere Zarauzko hondartzaren eta Zestoako bainuetxearen inguruan ardaztuta. Ezin alde batera utzi, era berean, turismoaren bultzadaz garatu diren beste zenbait herri ere, Zumaia eta Getaria, esate baterako. Zalantzarik gabe, azken urteotan jarduera horrek pisu handia hartu du eskualdeko jardueren baitan.

Oporretako bigarren etxeak eta udaldiko alokairuzkoak ugariak dira Zarautzen. Azpeitia epai-barrutiaren burua da; barruti horretan eskualdeko herri guztiak, eta orobat ere Tolosaldeko Bidegoian sartzen dira.

 

Iturria: Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Eustat

ZERBITZUAK
Menua

UGustagarri2

App Urolakosta